XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

II. Dokumentazioa. Elementu konposatuak: berauen erabilpen batzuk

Elementu gehienek, eta hauek osatzen dituzten konposatuek parte hartzen dute materia inerte edo bizigabearen konposizioan.

Hidrogenoa konposatu askoren osagai da, hauen artean garrantzitsuenetakoa ura, disolbatzaile nagusia, ur oxigenatua, eguneroko bizitzan dekoloratzaile eta desinfektatzaile bezala hain baliotsua.

Nitrogenoa airearen parte bat da, eta honen konposatuen artean aipatu beharrekoa da amoniakoa, etxean disolbatzaile gisa eta azido eta ongarrien fabrikazioan erabiltzen dena.

Karbonoa, egoera naturalean diamante eta grafito eran azaltzen da.

Azken hau lapitz minen fabrikazioan erabiltzen da. Hidrogenoarekin, oxigenoarekin, nitrogenoarekin eta beste elementu batzuekin elkartzean, hiru milioi konposatu desberdin baino gehiago osatzen ditu.

Izaki bizidunen egituran parte hartzen duten konposatu organikoak.

Karbonoaren konposatu asko, beren erabilpenagatik, material interesgarriak dira, hala nola plastikoak, zuntz naturalak (artile, algodoi, zeta...) eta zuntz artifizialak (nilon), eta petroliotik eratorritako erregaiak (gasolinak), detergenteak, intsektizidak, alkoholak, eta bereziki farmazia produktuak gaitzen tratamenduan duten erabilpenagatik.

Sodioa gatz arruntaren eta sosaren (sodio hidroxido) osagaia da.

Sosa, lisiba eta xaboi fabrikazioan, papergintzan eta petrolio birfindegietan erabiltzen da.

Sodioaren beste konposatu bat elementu honen karbonatoa da, garrantzitsua berau ere xaboigintzan erabiltzen delako, eta beira, eta garbiketa produktuen fabrikazioan eta ura biguntzeko ere erabiltzen dena.

Sodio bikarbonatoa bihotzerrearen kontra eta hortzorea egiteko erabiltzen da, eta ogi eta opilgintzan orea harrotzeko.

Kaltzio konposatuen artean, karbonatoa, (kararria) oso ugaria da lur azalean. Lehengai baliotsua da beste konposatu batzuk lortzeko.

Kaltzio oxidoa (kare bizia) zementu, beira eta zuriketa hautsen fabrikazioan erabiltzen da.

Urarekin nahastuz kare hil edo kaltzio hidroxido bihurtzen da, eta hareaz eta urez nahasturik (kare-mortairu) etxegintzan erabiltzen da.

Eraikuntzan erabiltzen den beste konposatu garrantzitsu bat kaltzio sulfatoa edo igeltsua da, urarekin nahastean gogortu egiten baita.

Igeltsu mota zuri bat eskaiola da, moldegintzan ere oso erabilia.

Sufrea ongarri, intsektizida eta beste konposatu batzuen fabrikazioan erabiltzen da, hala nola, azido sulfurikoaren fabrikazioan, industri produktu garrantzitsua berau petrolio birgindegietan, leherkari, plastiko, zuntz, pintura eta ongarrigintzan, beste zenbait aplikazioren artean.

Kloroa desinfektatzaile garrantzitsua da: gatz arruntaren elektrolisiaz lortzen da. Klorodun konposatu bat, azido klorhidrikoa edo salfumán, etxeko garbiketan erabiltzen da, beste aplikazio askoren artean.

Asko dira metalen aplikazioak.

Eztainuak, metalezko kontserba ontzi edo poteak egiteko balio du, eta soldatzeko (eztainuztatzeko) ere erabiltzen da.

Burdina, altzairugintzan. Nikela, txanponetan eta metalen estalduratan (nikeleztatzea). Kobrea, hari elektriko eta aleazioetan, letoia eta brontzea, adibidez. Zilarra, urrea eta platinoa oso estimatuak dira bitxigintzan. Magnesioa aluminioarekin aleazioak egin eta hegazkinen fuselajean, autoen eta abarren fabrikazioan erabiltzen da.

Honen konposatu bat, magnesia edo magnesio oxidoa, hortzorea egiteko erabiltzen da. Zinka pila elektrikotan erabiltzen da. Merkurioa, termometroetan. Aluminioa oso arina da, eta horregatik erabiltzen da hegazkingintzan, leiho-markoak, jakiak biltzeko papera, etab. egiteko.

Erdimetalak, elektronikan eta informatikan erabiltzen diren materialak dira. Silizioa, germanioa eta artsenikoa dira, besteak beste. Hauekin transistoreak, zirkuitu integratuak eta beste erdieroale batzuk egiten dira anplifikadore, irrati, ordenadore, etab. fabrikatzeko.